XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehen Mailako Irakaskintza Frantzian 1833-ko Inkestaren Arabera

Eskolak, gaurko egunean garrantzia haundia duela Herri baten bizipidean, nehork ez du ukatuko.

Estatu batentzat, irakaskintza eskutan atxikitzea, zaldunak bere zaldia kordatik atxikitzea bezalatsu da.

Frantziako bigarren Iraultza (1830) ondoko mintzalari ezagun batek hauxe zioen: Ezjakitatea edo inorantzia ona da, zeren eta, klase xeheak errespetura eta menpetasunera erakartzen eta errezki gobernatzeko gisan uzten baititu, hots ordena iturri bat baita.

Zorionez, gisa hortako ideiak zokoratuak izan ziren eta hemeretzigarren mendean, harrigarri baldin bada ere, Frantziako burgesiak asmatu zuen, gizarteko ordena, jende osoaren eskolatzean zatzala edo finkatzen zela. Geroztik, bere gorabehera guztiekin, eskola emeki emeki hedatu da herrixka ttipietaraino eta herritar guziak legez bortxatuak izan dira guti edo aski eskolatuak izaitera.

Gexan Bidart, Baigorriko seme argiak, Parisen soziologiaren irakasle denak, bere estudioen bururapen gisa, egin berri duen idazlan bat nahi nuke, hemen aipatu.

Ehun bat hostoalde edo horrialdeko lan batetan, 1833-an, orduko gobernuak egin arazi zuen inkesta osoa baliatuz, erakustera damaigu edo emaiten digu, zer egoera hitsean aurkitzen zen denbora haietan, lehen mailako eskola.

ORDUKO ESKOLAREN GORABEHERAK...

Frantziako lehen iraultza arte (1789), eskola, kasik osoki, Elizaren eskutan da.

Gero, gorabehera frangoren ondotik, Estatuak irakaskintza osoki eskuratu nahiko du, iraultza aitzin ere airean zebiltzan ideia nagusi batzu baliatuz: urritasuna laikotasuna eta beharrezkotasuna.

Gudua luzea izanen da errepublikatiarren eta erregetiarelizatiarren artean.

Lehenek eskola baitan ikusten zuten, gizarteko liferentzia edo desberdintasun guztien hausteko bide paregabe bat.

Azken bi alderdiak berriz, guztiz beldur ziren jende xehearen osoki eskolatzeaz eta bereziki erlijiozko balioetarik kanpo egiteaz.

Talleyrand-ek zuen eskolaren lehen erreforma edo berritzapena moldatu.

Guztientzat irakaskintza urrik edo kitorik emaitea eskatzen zuen.

Eta 1791-ko Herrilegeak edo konstituzioneak bere laugarren artikuluan barne ezarri zuen.

Gizonaren eskubideen Ageriak ere berdin zioen.

Eta 1793-ko abendoaren 25-ko dekretuak lehen maileko irakaskintza beharrezkoa zela, sei urtetarik goiti eta gutienez hiru urterentzat jakin-arazi zuen.

Lege berriaren kontra zoana, diruz joa zen edo berdin hamar urterentzat bere herritar eskubideez desjabetua.